Errekadu batzuk egin behar genituela probestuz, pisukide baten amonaren etxean egon gara apur baten. Zeharo xarmatuta gelditu naiz haren berbakerarekin. Doinu kantarina, berba ezezagunak, esaldiak ordenatzeko manera berezi hori. Etxetik atera eta segituan hartu diot kargu lagunari. «Zelako penie, ez dozue amaman euskalkitxik ezer mantenidu... doinue bez...».
Ane Zubeldia Magriñaren kontra liburuko Ia ur bera poema berrirakurri dut etxera iritsi orduko. «Amoñarekin batera galdu zuen/ nire hizkerak/ doinu jakin bat/ eta ezin izan dut berreskuratu». Ziztadatxo bat sentitu dut bularraren erdiko partean. Ni ere gero eta gutxiago akordatzen naiz gure amamaren berbekin, esateko moduekin...
Honekin ez dut esan nahi euskara nostalgiarekin lotu behar denik, hizkuntzak behar ditu berba berriak, esateko modu berriak... beste zerbait liburuan Danele Sarriugartek «Euskara ez-bitarra» deitzen dion hori guztia. Gramatika eta lexikoa, biak iruditzen zaizkit jolaserako eta ikerketarako lur aproposak, baina doinua... berreskuratuko dugu doinua, mesedez?