Oharra I. Ilea garbitu berri eta belarritakoak jantzita performatzen da tristura publikoki. Kontraesankorra dirudi, baina horretara garamatza tristurak. Garena baino samurrago, eleganteago, neskago izatera. «Ondo zaude?» galderari «Bai, lasai, hobeto» erantzuten lagunduko diguten trajeak janzten ditugu. Tristuraren estetika unibertsala pijama zulodun bat izango ez balitz bezala bizi gara. Geure buruei gezurra esan eta esan.
Oharra II. Zergatik tristatzen naiz haserre nagoenean? Gurago nuke haserre egon, eta min sakonez berba egin. Baina triste nago eta tristura ez da eraikitzailea. Nostalgikoa da. Ulu egiten baino hobeto dakigu negar egiten.
Oharra III. Banaiz apur bat, baina normalean ez naiz hain kursia izaten. Esaldi potoloegiak esaten ditut beti despedidetan, baina gurago dut hori, ez agurtzea baino.
Oharra IV. Nire bila etorri behar izan dira. Ezin nuen gidatu.
Epilogoa. Castillo Suarezen Alaska liburuko Pipilak poematik: «Dolua ez da uler daitekeen zerbait». Hori izango da.