Domekak eta gaixoaldiak bikotekiderik gabe pasatzeak sortzen digun porrot sentsazio kolektiboaz berbetan ari ginela, Irati Zubiak urte hasieran idatzitako Dezimak, delirioak eta zaintza izeneko artikulua irakurri nien lagunei orain dela aste batzuk. Momentu zaurgarrietan norbaiten nobia izateko sentitzen duen bulkadari buruz idatzi zuen Zubiak. Eta bulkada horren gainetik bikotea eta bikote-desira erdigunean izango ez dituzten bizitzekin amestearen garrantziaz.
Maitasunaz besteko funtzio konkretuak betetzen dituzte giza harremanek gure bizitzetan, eta horregatik dira inportanteak. Maitasuna ez da beharrizan praktikoetarako konpatibilitatea baino. Eta beraz, funtzio batzuk bikotekideek bakarrik bete ditzaketela uste baldin badugu, ezinezkoa izango da bikote-desira erdigunean izango ez duten bizimoduak asmatzea.
Realak Bartzelonaren aurka jokatzen zuela eta, Zubietara joan ginen domekan pisukidea eta biok. Gure amen adina edo izango zuten andre batzuen ondoan eseri ginen. Elkarren konpainia edo partida bikaina, ez dakit zer ospatu zuten gehiago. Ez dut futbolaren apologia egin nahi, baina argi ikusi nuen: zaletasun kolektiboak eta lagunak. Hori baino ez da behar domeketarako.