Gosaltzen ari nintzela iritsi da atzo gauean programatu nuen emaila. Autobusean nindoala jaso dut erantzuna: «Ostegunerako egiten baduzu ongi» eta o txiki bat marraztu dut ezkerreko eskuan. Liburu batzuk bibliotekara eraman behar ditudala gogorarazi dit agendak jada etxetik kanpo nengoenean, eta l txiki bat idatzi dut ezkerreko eskuan. Lagun baten bi dei galdu neuzkan zinematik atera naizenean, bueltan deitu eta ezer ez. D txiki bat marraztu dut lehengo hizkien ondoan.
Beti iruditu izan zait ohitura ona ohar mentalak barruko ideia-jasatik atera eta gorputzaren materialtasunera jaistea. Idazmahaia arkatzez idatzitako papertxoz betetzea, neure buruari audio mezuak bidaltzea, agendako orriak koloretako errotuladoreekin markatzea… baino interesgarriagoa egiten zait sinbolikoki.
Egia da gero etxera heldu eta sekula ez dudala oroitzen letra bakoitzak zer esan nahi duen. Baina uste dut hori dela benetan gustatzen zaidana: eskuak xaboi-uretan garbitu eta oharrak nola desegiten diren ikustea. Eskuak sukaldeko trapuarekin sikatzen ditudan bitartean pentsatzen dut: «Denok ein biheko gitxuke kezkak be efimeruek diela akordau eraingo doskuen ekintzak, egunero».