Neguan idaztea zailagoa da. Hotzak mantsotu egiten du dena. Gorputza, atzamarren mugimendua, esaldien erritmoa... dena. Amaitu gabe uzten ditut esaldi gehienak; hizkuntza dorpeagoa darabilt, ez zaizkit gauza interesgarriak okurritzen.
Neguan gauza bakar bat amaitu dudanerako hamar egin ditzaket beste urtaroetan. Eta ez naiz kexu, gustatzen zait gorputza itzaltzen-itzaltzen ari zaidala nabaritzea. Oheak irensten nauela igartzea. Isiltasuna. Lasai egotea. Egotea.
Idaztea egotea dela irakurri nion izena esaten ez dakidan bati aspaldi. Habitatzea. Eta ados nago. Baina egitea ere bada. Ekintza produktibo bat ere bada. Eta egin gabe egoteaz ari naiz. Atsedenaz. Bakeaz.
Udaberrian berbak bata bestearen atzetik etortzen zaizkit, gero. Presaka. Hizkiak azalera pegatuta izango banitu bezala. Baina orain ez. Leihotik begira egoteko, salda hartzeko, liburu luzeak irakurtzeko, sua pizten ikasteko, trikotatzeko... garaia da negua. Hausnartzeko garaia. Hausnar dezagun bada, udaberrian pentsatzea zailagoa da eta.