maialen akizu 34 172x172

Egun arruntak

2025eko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Atzo, bihar zer nuen galdetu zidan. «Bihar? Egun arrunt bat». Esaterako harritu nintzen. Gaur goizean hari batetik tira eginda bezala altxatu naiz. Goizean pare bat kontu nituen egiteko, eta hirugarren batekin gogoratu naiz. Gaur amaituko da Aroztegiko epaiketa. J.ri idatzi behar diot. Pediatrari deitu. Bazkaltzeko kalabaza purea, eta oilaskoa izozkailutik aterata, nahikoa. Ohar bat utzi dut sukaldeko mahaian eta paseora atera naiz. Bidea oraindik hutsik dago, zerua geldi. Egun arrunt bat. Kaskoak jantzi eta podcast bat aukeratu dut desiraren ingurukoa. Galdera batekin hasi da: zer duzu nahiago, desiratu edo desiratua izan? Pause. Ez dakit. Pentsatu pixka bat. Ez dut pentsatu nahi. Zergatik. Play. Podcastean desira itxarotearekin lotu dute, Annie Ernauxekin, denborarekin. Desira ez da falta. Desirak desira desio du. Orduan, bihar zer nuen galdetu zidan lagunaren mezu bat iritsi zait. Karmelo C. Iribarrenen poema bat. Los días normales: Iritsi/ eta zaratarik egin gabe joaten dira/ — bezero onak bezala—,/ gero denborak/ nahasten ditu memorian/ eta ez dakizu/ ea astelehen hartan osteguna zen ere/ edo alderantziz./ Ez zaitzatela engaina,/ ez dira diruditen bezain ezdeusak:/ gaina hartu ohi diote/ maitasunari.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.