Ohi bezala, amari deitu diot bilera batetik etxera nentorrela. «Kantzauta nau, baina ondo. Notizia onak gaur medikuek. Lentejak ta arroza jan ditxugu lehen, ensaladie afaldukou. Algarroba urune jan biotela esaztie. Ona dala esateztien dana jango banau eneuke beste ezer eingo!» esan dit. Irribarre egin dut. Apur bat jaitsi dut autoaren abiadura. «Esangostazu ba zer esaten dotzuen bixer» esan diot elkarrizketa amaitu baino lehen. «Gaur gaurkuek» esan dit. Arrazoia eman diot. Berbazko muxu batekin agurtu dugu elkar. Eman izango niokeen bat.
Autoa aparkatu eta Perla Zuñigaren Me muero, te quiero liburuari buruz pentsatzen egon naiz apur batean. Bukaerako egunerokoari buruz, zehatzago esanda. Bere bizitzako azken hilak jasotzen dituzten paragrafo ezin ederragoek ixten dute liburua. Etxera sartu eta azpimarratutako pasarteak irakurri ditut: «Gaur herrira etorri naiz nire ama eta Mariano lagun. Tortilla sobrak jan ditugu, espagetiak, entsalada, eta eurek, solomoa. Siesta egiten saiatu naiz. Kontakizun erotiko batzuk irakurri ditut. Eltzekari lehiaketa bat ikusi dugu, ilargia eta ardi batzuk»
«Bixer beste paragrafo bat eskatukotzat amai» pentsatu dut neure artean.