Ez dakit zahartzen ari naizelako edo inoiz baino landare gehiago ditudalako den, baina gero eta modu karratuagoan pentsatzen dut eguraldiari buruz. Mobileko pantaila desblokeatu eta eguraldiaren widgeta da ikusten dudan lehendabiziko gauza. Goizero pasatzen ditut minutu batzuk bertako proportzioak, marrak eta marrazkitxoak ulertu guran. Normalean, alfer-alferrik.
Lehen erromantikoagoa iruditzen zitzaidan eguraldiaz berba egitea. Eguraldiaz berba egitea hezurretako minaz, kotxeak garbitu beharraz, ibaietako faunaz… berba egiteko aitzakia izaten zen. Frutariari, autobusean aldamenean esertzen zitzaidan ezezagunarekin, igogailura nirekin batera sartzen zen bizilagunari zer moduz zegoen galdetzeko modu bat.
Gure ingurutik xirimiria desagertu den bezala desagertu zait elkarrizketagaia. Inork eguraldi txarra datorrela esan eta «Bai, ikusi dot», esaten dut orain, lehen «bueno, txarra zuretako izengo da» esango nukeen lekuan. Kezkatuta nago. Beldurra ematen dit desagertuko zaidan hurrengo elkarrizketagaia zein izan daitekeen pentsatzeak.