oihana arana

Ehiza

2025eko azaroaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sekula baino gertuago igarri ditut ehiztariak gaur logelako leihoa zabaldu dudanean. Soinua baino ez da izan. Bang. Berunezko perdigoiak irudikatu ditut zuhaitz enborretan sartzen. Leihotik begira jarraitu dut apur batean. Ainhoa Gutierrez eta Olatz Gonzalezen Pizti bat, agian filmarekin akordatu naiz; etxera bidean gurutzatu izan ditudan basurde eta erbiekin; hegazti herrariekin; Irene Sola idazlearen Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak eleberriko orkatzarekin: tiro hotsa entzun eta korrika hasi zen orkatz gaztearekin, basoak, txoriak, eguzkia… agurtu eta korri eta korri segitu zuen bere lau zangoekin.

Ezer gutxi dakit ehizaren inguruan. Ez dakit urte sasoi honetan zer ehizatzen den ere. Soinuak eztarrian korapilo bat sortu didala baino ez dakit; eta hori askatzeko idazten ari naizela. Eta egiari zor, ez dut uste Maria Sanchez poetak Cuaderno de Campo liburuko III poeman esaten dituen berba multzo hau baino egokiagorik topatuko dudanik: «Etorri, nik erakutsiko baitizuet poemak / eta ehizakiak bereizten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.