Xelebreak izaten dira bizitza desordenatudunon asteak. Asteazkenek zapatu forma izaten dute maiz, barikuek astelehenen antza. Bainuetxe batera joan ginen ama eta biok asteazkenean. Agenda etxean utzi nuen nik, mugikorra berak. Norberak ezagutzen du ondoen bere galbidea.
Ur beroaren zalea naiz ni. Hotzean ere sar nedin tematu zen bera. Ez nekien ordubetez burua urpean izateko halako beharra nuenik. Berak bai. Ni baino argiagoa izan da beti. Horregatik joan ginen.
Uretan nekatu eta gero, ohe zuri banatan etzan genituen gorputzak. Ilea lehortu ez nuelako errieta egin zidan aldamenetik. Grazia egin zidan egoerak. «Pisukidiek iguela esateztie», esan nion. «Ba ein kasu», erantzun zidan serio.
Afalostean, pijama jantzi eta mantaz tapatu genituen azalak. Goiz zen oraindik. Txingorra ari zuen kanpoan, oinaztuak eta trumoiak. «Akordetan zara?», esan zidan. «Umetan kriston billurre eukitten zen halako egunetan». «Eskerrak elkarrekin gauzen», erantzun nion.
Ekaitzaren ondorioz, ezin izan genuen telebistarik piztu. Nahia Intxaustiren Zainetatik zilarra liburuko poemak irakurri nizkion berak gurutze-puntua egiten zuen bitartean. Oso jende gutxiren ondoan dakit ekaitzaren erdian bare egoten.