Domeka eguerdia zen, prakamotzetan paseatzetik gentozen. Eguzkiak edertutako etxaurrean hartu genuen erabakia: hondartzan bazkalduko dugu. Behar-beharrezko kontuak baino ez genituen hartu: aurreko egunetako janari hondarrak, liburuak, ura eta pareo bana.
Kresal usaineko oihal zatiak harea lehorraren gainean zabaldu, tuperrak hustu eta han egon ginen, begiak itxita, azala eguzkiari ematea den praktika hedonista laudatzen. Bat-batean hoztu zen giroa. Haizeak misil txikien eran jaurti zituen harea aleak gure oinen kontra. «Fateko ordue dala uste dot» ahoskatu nuen begiak zabaldu baino lehen.
Ohikoa izaten da begiak zabaldu eta gauzak okertzea, hala gertatu zen domekan ere. Nekea eta haserrea elkartzen zaizkidanean izaten dudan itxuraren antzekoa zeukan zeruak: bete-beteta zituen begiak. Lehertzear zegoen. Azkar-azkar bildu genuen dena. Aparkalekura iritsi bezain pronto lehertu zen ekaitza.
Ez dut sekula ikasiko bat-bateko amaierak emozionalki ongi kudeatzen, baina bada kontsolamendu txiki bat: ekaitza lehertu aurretik usaintzen dut beti.