Landareak ureztatu eta etxe aurrean eseri naiz gauari begiratzera. «Eskerrak freskatu dauen», esan dut. «Ez zoaz lotara, ala?», esan dit pisukideak gorantz abiatu denean. «Gerotxuau. Lan apur bat ein biot oindiokan». Muturtuta begiratu dit, ez ikusiarena egin diot. Basurdearena gertatu zitzaidanetik ez naiz gauez bakarrik paseatzera irteten. Gurago izaten dut kilkerrak eta mozoloak entzuten egotea. Hoztu naizenean jaiki naiz. Bulegotik ordenagailua hartu dut ohetik lan egiteko asmoz. Argia itzali dut gelako leihoa irekitzearekin batera. Ez dut ohaiderik desio, ez behintzat eltxo formakorik. Ordenagailua piztu, Maiatzak 28 izeneko dokumentua sortu eta segundo batzuk hartu ditut orri zuriari lasai begiratzeko. Esan gura dudan hori ordenatzeko. Konturatu orduko bete zait eltxoz pantaila; idaztear nagoen zutabea eurek egin gurako balute bezala. Grazia egin dit hori pentsatu izanak. Baina egiari zor, ez dakit ez ote den hori literatura egitea: besteek gure egunerokoan uzten dituzten arrasto txikiei zentzua bilatzen saiatzea.
Eltxoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu