Berandu iritsi nintzen bart etxea. Etxetik kanpo egun batzuk pasatu dituenaren nekea eta motxila bizkarrean hartuta. Nekarren dena pasilloan utzi eta egongelara sartu nintzen kasik likido egoeran. «Zer moduz zaude?», esan zidan film bat ikusten ari zen pisukideak. Alboan etzan nintzaion. «Luze eitten da ordubete euripeien», esan nion. Lepoaren atzean ipini zidan besoa. «Ederki zauz zu hemen», esan nion.
Ahal nuen beste luzatu dut goiza ohean. Pozik nago sartu berritan lokartu eta berandura arte lo egitearen plazera berreskuratu dudalako. Sendatzen ari zait insomnioa. Edo hori sinisten ari naiz behintzat. Hamaiketakoaren orduan jaitsi naiz gosaltzera. Ezer baino lehen, kaleko atea ireki eta hegazti-saldo bat ikusi dut airearekin dantzan. Puntu beltzak hara-hona, koreografia kaotikoan.
Sukaldera sartu naiz berri ona ematera: «bueltau die enarak», esan dut elurra egin duelako pozten den umetxoak bezala. «Zurekin batera», erantzun dit pisukideak. Irribarre arraro bat marraztu zait aurpegian.
Egozentrikoegia iruditu zait neure burua enara batekin alderatzeko ariketa. Baina tira, egiten ditugu hori baino gauza larriagoak ere.