oihana arana

Ene

2025eko abenduaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Enegarren berba darabilt buruan aspaldion. Berba neutro bat ematen du; baina emozio ez oso positiboekin lotuta dagoelakoan nago: nekearekin batik bat. Inork ez du enegarren berba gustatzen zaion zerbaiti buruzko kontuak kontatzen ari denean erabiltzen. Ez dut uste inork «aurten ikusi dudan enegarren kontzertua da» edo «enegarren aldiz besarkatu dugu elkar» esaten duen inor ezagutzen duenik.

Hitzaren etimologiari apur batean erreparatu, eta ikur matematiko batetik datorrela jakin dut. Matematikan n edozein zenbaki natural adierazteko erabiltzen den hizkia da. Komarik gabeko edozein zenbaki positibo izendatzeko erabiltzen den sinbolo bat, letretakoon hizkuntzan. ez da 1, ez da 100. Bietako bat ere ez da, eta biak da aldi berean. Apur bat abstraktua izatean datza bere funtzioa: gauzak konkretatzea behar ez denean ipintzen da ekuazioetan.

Ez dakit bakea ala antsietatea ematen didan zenbaki honen existentziak. Baliteke bietako bat ere ez izatea, edo biak ematea aldi berean. Horregatik egongo da, akaso, enegarren berba nekearekin lotuta: nekearen hizkuntzan zenbat baino gehiago, zer delako inporta duena.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.