Lehen okurritu ere egiten ez zitzaizkidan gauza pila bat egiten ditut orain. Edo okurrituz gero, lotsaren lotsaz egingo ez nituzkeenak. Zahartzen ari naizela uste dut eta poza ematen dit.
Ez da bat-bateko zerbait izan. Adatsean ile urdinak agertzen joan zaizkidan moduan joan naiz ekintza berriak eguneroko bizitzan integratzen. Hasieran bat, gero beste bat. Orain ez dakit zenbat diren.
Kaleko andretxoekin berbetan gelditzen naiz denbora daukadan aldiro. Eguraldiaz, paisaiaz, edo eurei komeni zaien edozein gairi buruz. Iluntzero deitzen diot amari. Emailak bidaltzen denbora galdu ordez, deitu egiten dut lekuetara. Haserre baldin banago esan egiten dut haserre nagoela. Triste samar nagoenean ni besarkatzera etortzeko eskatzen diet ingurukoei. Gainezka egiten dudanean, isilik eta bakarrik pasatzen dut eguna. Gero eta hobeto bereizten ditut haserrea eta tristura.
Txorakeria bat dirudi, baina orain dela gutxi konturatu naiz zera dela adinak ematen duen ederrena: berba egiteko lotsa galtzea; isilik geratzekoa ere bai. Entzuten ikastea da, azken finean.