oihana arana

Erabaki onak

2025eko urriaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezagutzen ez nuen txakur batekin agertu da pisukidea goizeko paseotik bueltan. Haren aldamenetik pasatu denean elkartu zaio paseora eta ezin izan omen du gainetik kendu. Umore onez zetozen biak: irribarretsu bata eta saltoka bestea, aspaldiko ezagunak ziruditen. Ur apur bat eman eta bueltan eraman du; gure etxetik kilometro eskasera dagoen baserri batean bizi da.

Nire bistatik desagertu direnean, presaka jantzi eta hirira abiatu naiz kontu batzuk egitera. Aspaldi ez bezain eder nagoela esan dit tren geltokian topatu dudan lagun batek. «Oso guapa zaude. Erabaki onen bat hartu duzu azkenaldian, ezta?». Askotan esan dit esaldi hori: kalte egiten zidaten lanei uko egin izan diedanean; bikote zein adiskidetasun harremanak moztea erabaki izan dudanean; eztarrian trabatuta nituen kontu batzuk askatu izan ditudanean... Ez dakit nire erabakiak indartzeko asmoz nahita egiten duen ala benetan ikusten nauen aurpegiera txukunagoarekin.

«Pozik nago, bai», esan diot. «Orain bizi naizen lekuan inork ez ditu txakurrak haur-kotxeetan paseatzen».

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.