Zinez gauza bitxia da denboraren jario etengabeak, gaizki itxitako iturria bailitzan, nola ez dizun azkenerako zulo bat egiten kaskezurraren erdian, nola ez diren garunak uhanditzen eta alferrik galtzen, nola oraindik ere badakiten aginduak ematen, jaiki, eseri, joan, etorri, jan, maitatu, bizi, jarraitu bizitzen.
Esan bai, egiten dugu, hau egitea erabaki dut, ez joatea erabaki dut, baina erabaki, oso gauza gutxi erabakitzen du batek. Atzera begira jarrita, ez dakizu mundura moldatzea lortu duzun, ala mundua izan den bere kapritxora moldatu zaituena, bere eguneroko ilusio, neke, samin eta poz txikien katramilak limurtuta. Izutu egiten zara, harritu, eta batzuetan lasaitu ere bai, eguneroko kontu txoro eta lerdoenei zenbateko arreta jartzeko gai zaren ikusita. Batek nola jartzen du, esate baterako, bere aldartea futbol talde baten menera? Batek nola jartzen du, nahiago baduzu, bere zoriona beste inoren eskuetan? Erabaki hori, hartu egiten da? Noiz hartzen da, nola hartzen da?
Zientziak izango du azalpenen bat, zientifikoa izango dena gainera, eta argi azalduko dizu, sinesteko prest bazaude behintzat, batek nola hartzen dituen erabakiak. Erabaki bakarra, bizitzen ez jarraitzea da.
Erabaki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu