oihana arana

Erdizka

2025eko abenduaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jakin nahiko nuke non amaitzen duten erdizka utzitako liburuek, elkarrizketek, harremanek.

Mundu paralelo bat irudikatzen dut. Beste erdien mundua. Zazpigarren kapituluan hasten diren liburuz betetako apalategiz apaindutako etxeak. Euren harremana laugarren zitan hasi zuen bikote bat elkarri inork amaitu ez dituen poemak errezitatzen. Pelikula hasi baino lehen lokartu eta amaiera ikusteko iratzargailua jartzen duten pisukideak teilaturik bako etxeetan. Zergatik jakin ez arren, egun batetik bestera lagun min bilakatu ziren bi, abiapunturik gabeko elkarrizketak amaitzen. Ikasgaiak aprobatu ez dituzten arren, Master Amaierako Lanak txukun entregatuta dituzten ikasleak liburutegietan. Umeak parkeetan sagarren bihotzak jaten. Kikaretan hoztutako kafeak edaten pertsona bakartiak. Edaleek kopetan utzitako ardo tantak miazkatzen kuadrillak.

Gurago nuke hala balitz, baina gure munduan irauten dute inoiz erdizka utzi ditugun gauza guztiek. Ezer propio erdizka uztera goazen aldiro, eurekin oroitu eta bihotzean ziztadatxo bat senti dezagun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.