Udaberriko edozein astegun izango zen: amaren etxeko ordenagailu finkoaren aurrean ni. Auto lasterketak simulatzen dituzten jolas horietakoren batean aritu berri seguruenik. Kolore urdineko pantailaren aurrean teklak hatz erakusleekin sakatzen. Kontua sortu ahal izateko 14 urte beteta izatea eskatzen zuten eta nik izango nituen 12 edo 13. 1997an jaiotakoa nintzela ipini nuen. Akordatzen naiz. Hondartzan ateratako argazki bat jarri nuen gero profilean. Tuenti egin nuen. Ordutik ditut sare sozialak.
Egunkaria ireki eta zera agertu zait begien parera: 16 urtetik beherakoei sare sozialak erabiltzea debekatuko diete Hego Euskal Herrian, eta 15 urtetik beherakoei Ipar Euskal Herrian. Harritu egin nau notiziak. Uste dut ez nagoela ados.
Ulertzen dut funtsa. Nik lehenengo kontu hori sortu nuenetik hona asko aldatu da egoera. Bestelako funtzio, arrisku eta aukera batzuk dituzte orain sare sozialek. Askoz toxikoagoa da pantailekin dugun harremana. Halere, errazkeria iruditzen zait debekua. Digitalizatutako nerabezaroen konplexutasuna ulertzea, nerabeak harremantzeko bestelako modu batzuk diseinatzea, helduok sare sozialekin dugun adikzioari buruz pentsatzea… baino askoz errazagoa.