Esnatu eta ordenagailuaren aurrean jartzen naiz kasik gosaldu baino lehen. Gaur ez. Gehiegi pentsatu dut azkenaldian. Giharrak nekatzeko beharra neukan, bestelako ariketa bat egiteko gogoa. Ortu deitzen diogun lur zatitxoari eskaini diot goiza; berriz ortu izan dadin tematu naiz eta. Tomate landareak kendu genituenetik ez diot kasu handiegirik egin, eta belarrek nahieran antolatu dute espazioa, gu konturatu gabe.
Belar besakadak garraiatzen ari nintzela gertatu da: asunak. Ziztada fin eta temati hori. Mindu egin zait ezkerreko eskua. Haserretu egin naiz apur bat: «hau be neri pasau biher!», oihukatu dut. Ez dut gutxitan erabili esaldi hori bizitzan. Baina, madarikazioak madarikazio, uste dut hori zela behar nuena. Orainera ekarriko ninduen min konkretu bat. Txikia, ohikoa, jasangarria… baina mina.
Badakit ez dela gauza handia. Baina ni konturatu orduko sartu da mina zutabe barrura. Nola egingo nion bada ihes, erredura igartzen badut tekla bat sakatzen dudan aldiro. Erretzen duen lekutik idaztea da, hain zuzen ere, egin dezakedan gauzarik interesgarriena.