oihana arana

Erreka

2026ko otsailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Autobusean bidaiatzen dudanean oso zaila egiten zait denbora nola kalkulatu asmatzea. Ezinezkoa da puntuala izatea. Leku guztietara iristen naiz behar dudana baino askoz lehenago edo askoz beranduago. A aukeraren alde egiten dut ahal dudan guztietan: goizegi heltzea, alegia. Gaur ere bai.

Urumea ibaiaren aldamenetik paseatzeko aprobetxatzen ari naiz egunak oparitu didan ordu erdiko tartea. Beti da hobea inguruko bideetan alderrai ibiltzea ordu erdiz atean zain egotea baino, edo nik, behintzat, gurago dut: ez naiz hain tuntuna sentitzen.

Handi dator ibaia, erraldoi ez esatearren. Donostiara ikastera etorri arte ez nituen bereizten erreka eta ibai berbak. Askoz gurago dut erreka, esplikatzen ez dakidan zerbait dauka. Bi kontzeptuen arteko aldea entziklopedian begiratzeko bulkadari eutsi, eskuak barandan bermatu eta isil-isilik nago agorrezina dirudien emariari so. Zerbait igartzen dut sabelean. Birikak amaitzen diren lekuan gutxi gorabehera. Ez dakit antsietatea den edo poza. Indar bat da, banaramana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA