Belar-dendako ilaran hasi dut goiza, jaioterritik itzuli berri den adineko andre batekin berriketan. Eurenean dena erre dela esan dit. Fruta arbolak, azienda eta udaro-udaro bere egiten zuen paisaia hori guztia. Asko sentitzen dudala esan diot. «Jada ez dituzue arbola handien fruituak jango, eta horiek dira onenak!» ahoskatu orduko utzi du denda; orgatxo bati bultzaka abiatu da kalean behera, poliki-poliki.
Fruta-dendara iritsi baino lehentxeago entzun dut banku batean jarrita zeuden bi lagunen elkarrizketa. Iman bat atera du poltsikotik gazteenak. «Oporretatik ekarri dizut, frigorifikoan dituzunekin batera jar dezazun!», ilusioa begi bietan. «Eskerrik asko, bai... baina ez naiz akordatzen, zertarako esan duzu dela?», urduri. «Gurekin akordatzeko!», erantzun dio. «A bai, ondo etorriko zait orduan».
Iraila hastearen onena hori da: herriak bizirik daudela berriro; ogia egunkariarekin bildu eta besapean daraman jendea dabilela hara-hona. Baditut gehiago, baina ez dut herriko dendetan erosteko beste motiborik behar. On egiten dit dena bere onera datorrela sentitzeak.