maialen akizu 34 172x172

Erromantikoak

2024ko abenduaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esajeratu batzuk gara. Detaileei erreparatu. Protokolo batzuk ezin dira sekula itxi. Pasaian tiroz eraila izan den emakumeak salaketa jarri zuen duela lau urte, baina espedientea handik bi urtera itxi zuten. Albisteak Irune ekarri dit gogora, Irune eta Paulina, eta bizilagunak, eta gu. David Perez Sañudoren Azken erromantikoak pelikulako protagonista nagusia da Irune, bakartia, tristea, hipokondriakoa da ingurukoen begietara. «Ez da ezer», esaten dio medikuak bularreko koxkorragatik; «Egon zaitez lasai», esaten dio bizilagunak, Irunek ondokoaren etxeko garrasiak salatu nahi dituenean. Ez da ezer, zer? Egon zaitez lasai, noiz? Noraino da kezka, eta noiz hasten da beldurra? Nola babesten da bakoitza? Ba al da beldur legitimoagorik? Irune beldur da Paulinari gerta dakiokeenaz; Paulina bera ere bai, baina dena da nahi baino konplexuago, denak ematen du nahi baino min handiagoa. Bitartean, elkar zaintzen dute, dantza egiten dute elkarrekin, meriendatu, gauzak ahalik eta ondoen egin. Erasotzaileekin konpartitzen dugu igogailua, argazki-albuma, abizena. Iruneren poster handi-handi bat eskatuko diot Olentzerori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.