Nire ekintza erromantiko gustukoenen artean daude loreak oparitzea eta gosaria ohera eramatea; baina badaude askoz hobeak ere.
Bestearen autoko IATz arduratzea; medikutara laguntzea; ohea egitea; hitz egiten duen bitartean begietara begiratzea; bere janari gustukoena zein den jakitea eta jakintza hori momentu garrantzitsuetan erabiltzea; azkazalak moztea; jogurteko tapa miazkatzen uztea; altuan irakurtzea; besteak harrikoa egin ostean harraskan gelditu diren janari hondarrak zuk jasoko dituzula esatea, eta egitea, noski; gehiegi ez galdetzea, baina galdera desatseginak noiz egin asmatzea; izozkietako kukurutxoen punta ematea (barruan txokolatea badu bider bi balio du ekintza horrek); estaziora bila joatea... baina ez dakit badagoen besteei norbere kafetan galletak bustitzen uztea baino ekintza erromantikoagorik.
Kontu horien kontra egotea baino interesgarriagoa iruditzen zait energia erromantikoa dibertsifikatzea. Bikotekideekin egiteko esan diguten hori guztia lagunekin egitea. Ahal den guztietan.