oihana arana

Erruda

2025eko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Energia txarrengandik babestuko gintuela argudiatuz, etxeko atarian erruda landarea jartzeko agindu zigun lagun baten amak. Etxetik gertu dagoen landare haztegian erosi genuen agindua jaso eta pare bat egunera. Esker onekoa dela esan zigun saltzaileak, eguzki izpi gutxi batzuk eta ur apur bat nahikoak direla luze iraun dezan.

Aspaldian ez diot kasu handirik egin, baina gaur goizean akordatu eta ureztatzera joan naizenean, handi eta eder ikustea iruditu zait. Ez dakit ikuspegi energetikotik ona ala txarra den hori. Bilaketa azkar bat egin dut Interneten eta, feng shui-aren arabera, dentsitatea xurgatzen duen, bibrazio negatiboak neutralizatzen dituen eta bizi den ingurunea babesten duen hesi energetiko gisa jarduteko gaitasuna duela esan dit. Tamainari buruzko daturik ez.

Audio mezu bat bidali diot lagunari. «Tia, erruda ipini gauen etxien eta ordutik kasurik in barik egon nazen arren, bapatien super haundi dau. Ez da izango energia txar asko daukogulako, ez?». Handi eta eder badago ez kezkatzeko esan dit. Ondo zainduta ximeltzen bada ere, ez gehiegi kezkatzeko. Hori dela bere funtzioa.

Ondo zaindu arren ere ximeltzen dira, beraz, landareak, pertsonak, harremanak...

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.