Egun batzuk daramatzat bakarrik. Lanera etorri nintzen. Eta ari da fruituak ematen. Aspaldi da ez nuela hainbeste denbora bakarrik pasatzen, eta bakardadea erromantizatu zalea naizen arren, gogorra egiten zait batzuetan: oraindik ez naiz neure burua ez aspertzeko bezain dibertigarria.
Leiho handi bat daukat, eta paisaia ezin ederragoa bestaldean. Ordu gehiago pasatu ditut kanpora begira pantailaren aurrean baino. Ondo nago. Badago, ordea, kezkatzen nauen zerbait: sekula baino berba gehiago ari naiz egiten objektuekin. Katiluari adeitsu mintzo natzaio, kafeaz gain, nire esku biak ere bero mantentzen dituelako. Muturtuago nago mikrouhin labearekin: zertarako gogorarazi behar ote dit une oro denboraren pisua. Gortinekin daukat harremanik politena: nik kontatu aurretik ikusten dute egiten dudana. Eta hemen nago, berba eta berba. Nik eurei bai, baina eurek ez dizkidate galdera deserosoegiak egiten. Eta uste dut aski dudala horrekin.
Orain dela gutxi esan zidaten neure buruari erantzuten hasten naizen arte ez dela grabea. Edo ez oso grabea behintzat. Eta hala da, ezta? (Esan baietz).