Goiz da eta berandu nabil. Hamar minutu atzeratuko naizela abisatzeko idatzi diot zain daukadanari. Mezua bidali eta mobila poltsikora sartzera joan naizenean irristatu zaizkit giltzak eskutik. «Ezin leike izan», esan dut beste inork ez entzuteko moduan. Estolda-zulora erori zaizkit giltzak. Etxekoa, kotxekoa, amarenekoa.
Estolda ireki, eta giltzak arrantzatzen saiatu naiz makila baten laguntzarekin. Egun ederra sortu da, eta ni burua estolda-zuloan sartuta. Zerua hor dagoela ahazten zaidan momentu klase hori. Zaunka batean gerturatu zait bizilagunaren txakurra; ez naiz ona presiopean arrantzatzen. Amore emanda altxatu eta orduan ikusi dut: orban bat praketan, lokatza eskuin belaunaren parean: «Zelan okurriru jatzu fraka zurixekin belauna lurrien ipinttie!».
Goiz da, baina ez oso. Pisukideak ohean egongo dira oraindik, baina esna edo esnatzear. Txirrina jo dut, zerbait oso larria dela adierazteko bezainbeste aldiz.
Leihora agertu zait bata eta atera bestea. «Gestionaukozue alkantarillara jausi jaten giltzak erropie aldatzen doten bittartien?». Eszena hau kontatuko diet bakarrik biziko ote nintzatekeen galdetzen didaten pertsona guztiei.