Ez dira Gabonak, baina Europar Batasuna pelikula bat balitz John Hughesen Home Alone litzateke. 90eko hamarkadako film honek Macaulay Culkin aktorea du ikono, Kevin, 8 urteko mutiko ile-horia. Gabonetan familiakoak bidaia bat egitekoak dira, eta, presaren presaz, Kevin etxean ahazten dute. Mutikoa, hasieran, lasai ederrean gelditzen da bakarrik, baina gaizkileak sartzen dira etxera, eta irudimenez aurre egin beharko die.
Europar Batasuna halatsu sumatzen dut Trumpen mandatua dela medio. Orain hiru urte Ukrainako gerra hasi zenean, erosotxo, baina ez zaio gustatu Estatu Batuen eta Errusiaren bake-hitzarmen asmoa, non eta Saudi Arabian gainera, ez Suitzan, ez Austrian. Aipatu da Ukrainara soldaduak bidaltzea, Estatu Batuen lekua EBk hartzea, Zelenski dimititzeko prest dago, «NATOk salbatuko gaitu» entzuten da oraindik tarteka, baina Von der Leyeni ere sumatzen zaio etxean bakarrik geratu den sentsazioa, eta 8 urteko mutikoa bazara, nahi beste izozki jatea eta iratzargailurik gabe esnatzea ez da plan txarra, baina Europa ez da gauza asko, ezta 8 urteko mutiko bat ere.