Deskantsua behar nuen, bakea. Berbarik ez egitea. Lan dexente neukan pilatuta: emailak, enkarguak, zuzenketak. Lanaren eta deskantsuaren arteko zerbait egiten ari naiz ostegunetik. Bakarrik nago etxean. Ez da batere ohikoa hori gurean. Horregatik eskertzen dut hainbeste. Zakarrak kudeatuta eta landareak ureztatuta utzi zizkidaten. Barazkiak otzaran txukun, azken egunetako janari hondarrak ontzietan antolatuta. «Fan trankil, arlauko naz», esan nien. Esnea ez txartzea, barazkiak ez usteltzea, janaria ez botatzea. Horra neure buruari jarri nizkion arauak.
Kontuak horrela, amantala jantzi eta etxekoandretasuna antzezten pasatu ditut lanean eman ez ditudan orduak. Izarak eguzkitan zintzilikatzen, mihilua kozinatzeko errezetak begiratzen, harrikoa egin bitartean bertso doinuak kantaxkatzen. Irakurketa saioetan begi bat liburutik kanpo izan dut beti: hiru poematik behin jaiki behar izan naiz arroz esneari bueltak ematera.
Amamak gertu izan ditugunok bagenekien lehendik ere, baina ongi dago tarteka gorpuztea: etxea bakarrik gobernatzea eta deskantsua ez dira bateragarriak.