oihana arana

Etxera

2026ko apirilaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Domekan heldu ginen Gasteizera. Bila etorri zitzaizkigun. Bakoitzak bere bizitzara iristeko gogoa genuen. Norbere etxera. Gure aitak beti esaten zuen hori zela oporren onena: «Etxera bueltetako gogue eukittie». Umetan ez nuen ulertzen, baina gero eta neureagoak sentitzen ditut haren esaldietako asko eta asko.

Autobusean egin nuen etxera arteko bidea. Sudurra Hombres con un diente de leche liburuko poemetara pegatuta. Ez dakit zer izan zen: Luis Díazen idazkera, poemetako paisaia edo ardiak… baina etxetik gero eta gertuago sentitzen nintzen orrietan aurrera egin ahala.

Afalostean logelara iritsi nintzenean, erdizka zabalik topatu nuen leihoa, azken momentuan motxilan ez sartzea erabaki nuen arropa multzoa ohearen gainean eta etxeko zapatillak atearen ondoan. Amamak oparitu zidan begoniari loreak handitu zaizkiola iruditu zitzaidan. Poema bat irakurri nuen altuan: «gure arbasoek aldaxka bakoitza banaka-banaka landatu zutenean ez zekiten urte batzuk beranduago hainbeste kostatuko zitzaigunik mahatsak jasotzeko makurtzea ez zekiten sekula ez genuela jakingo zergatik diren bihotz bat eta gaztaina bat hain hain antzekoak». Berandura arte egin nuen lo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA