Oso harro nago bizitza bizigarriagoa egiten duen irakaspen bat eman dezakedalako: euliak akabatzeko teknika. Harrigarria da XXI. mendean euliak akabatzeko erremintarik sofistikatuena tira hori likatsu bat izatea. Baina lasai, etxean orduak pasatuta hobetutako teknika dut. Nola sartzen dira euliak etxeetan? Batzuetan pentsatu izan dut hormak gurutzatzeko gaitasuna dutela, edo euren antenetako X izpiez zulotxoak egiten dituztela. Orain, gure etxean sartutako denak ez dira ateratzen, eta kopurua gutxitu da; euren artean zabaldu da gurean pertsona arriskutsu bat bizi dela: Arriskutsua naiz (jou, jou, jou). Tarteka errukitzen naiz, nahastu egiten nau gertutik euliei darien edertasunak, baina amorragarriak direla oroitzen dut, eta akabatu arren, berpiztu egiten direla.
Euliak akabatzeko teknika: gerturatu zomorrora, eutsi arnasari, gogortu hezurrak. Utzi hurbiltzen. Erreparatu inguruko oztopoei —baso bat esne, mugikorra, labana—. Konkortu hatzak, ez utzi zirrikiturik. Esan zeure buruari posible duzula. Gakoa: ez duzu zaplada eulia pausatutako lekura egin behar, eulia mugituko den lekura baizik. Beti-beti, dagoen lekua ez, egon litekeena izan jopuntuan. Horrela harrapatzen da eulia, politikaria, maitasuna.