oihana arana

Euliak

2026ko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Burua lehertzear daukat gaur. Ohean nago beste edozein egunetan errepidean egongo nintzatekeen orduan. Berriz etorri da eztarrian hasi eta gorputz osora zabaltzen zaidan gaitz ezezagun hau, berriz ilundu dit aspaldiko partez zuri-zuri neukan agendako orria.

Zorabiatu egiten nau hara-hona dabiltzan eulien hegaldi desordenatuei begira egoteak. Nazkatuta nauka nire sudur punta ukitzeko elkarri jarri dioten erronkak. Begiak itxita egoten naiz ondoen, eta horiek dira, hain zuzen ere, euliek eraso egiteko aukeratzen dituzten uneak. Bakea eta isiltasuna. Ez dut gauza handirik eskatzen berez.

Leihoa zabaldu dut zeru urdina ikusteko. Ostera ere etzan naiz leihoa zabal-zabalik utzita. Apur bat lasaitu nau euliek ihes egingo dutelako itxaropenak. Begiak itxi eta ahalik eta sakonen hartu dut arnasa. Orduan gertatu da: belarra mozten hasi da bizilaguna. Hasieran ez dut sinistu. Barruraino sartu zait burrunba. Kanpotik datorren ala neurea den ez igartzeraino. «Mundue ez da geratuko zu gaixorik zauzelako», esan dit euli batek belarri ertzera. Orain ez dakit eulia izan den ala ni nintzen sukar-ametsetan.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA