Nafarroako Auzitegi Administratiboak babesa eman dio Iruñeko Udalari, kartelak ele bitan bai, baina bi euskarri ezberdinetan ateratzeko erabakiari, Joseba Asiron zinegotziak jarritako helegitea atzera boteaz. Ez dut ebazpena auzitan jarriko. Argudio juridikoak baliatu beharko nituzke. Agian legezkoa da Nafarroako bi hizkuntzak horrela banatzea, ura eta olioa balira bezala, bateraezinak. Argi dagoena da horrela jokatzea ez dela jarrera ekologikoena, hitzaren zentzu zabalenean ere, ez bakarrik paper xahuketari begira, hizkuntz edo kultur ekologia ere egon badagoelako, eta naturan dibertsitatea bultzatu eta herritarrak horretan hezi behar den modu berean, kultur adierazpideen arloan ere askotarikotasuna bilatu eta herritarrak ohitu behar dira. Zer irabazten du elebakarrak erkidegoko beste hizkuntzari ezikusia eginez?
Paperezko euskarriez ari gara, baina argudioa muturrera eraman liteke. Hacienda Foral errotuluko eraikin bat eta Foru Ogasuna errotuluko beste bat ez lituzkete ere egin behar? Edo eraikin bakarra, baina bi sarrera, bi ibilbide bereizi, erdaldunak eta euskaldunak gurutza ez daitezen? Zeren antza du horrek?
Ezikusia egin nahi badigute ere, hor gaude: elebidunak, euskarri bakarrean.
JIRA
Euskarri bakarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu