Goizeko kafesnea zerbitzatzen dizunak ea asteburuko pilota partida ikusi zenuten galdetu dizu, gogorra izan zela, berak ez zuela faboritorik, ea zurea zein zen. Beti ematen du hizketarako gogoa duela, baina gaur bere alabak lehengo kimio saioa du. Ez da ari pilota partidan pentsatzen. Zure lankide apaina orain arte ikusi ez diozun arropa koloretsu batekin etorri da, ilea ondulatua, hortzak zuri. Nola egiten du? Liburu bat atera du poltsatik. «Zuretzako». Asteburuan irakurri duela, gustatu zaiola, eta nirekin gogoratu dela. Nola egiten du? Atzo bere lagun baten nebaz esan ziotena darabil buruan. Esan egin behar lioke? Badagokio? Eta egia bada? Gaua lorik egin gabe pasatu du, zuri eman dizun liburua irakurtzen. Pilateseko irakaslearentzat gaur, apirilak 1, lehenengo aldiz larrua jo zuen eguna da. Laranjak oso onak daudela esan dizun dendariak Adolescence telesailean beste ezertan ezin du pentsatu. «Zer moduz eguna?» whatsappez galdetu dizun lagunak inoizko haserre handiena izan du pisukidearekin. Eta zuk ere hala erantzun diozu lagunari: «Hementxe». Baina ohartu: inor ez gaude hemen.

Ez gaude hemen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu