maialen akizu 34 172x172

Ez izatea

2024ko otsailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaurko egunez urteak betetzen dituzten hiru ezagun baditut. Otsailaren 29koak dira, baina, bakarrik, lau urtean behin dira otsailaren 29koak. Pertsona normalak dirudite; hortzak garbitzen dituzte ohera joan aurretik, ahoarekin baino gehiago hitz egiten dute behatzekin, eta sudurretik hartzen dute arnasa. Baina, gaurko egunez, beste norbait bihurtzen dira: supergizaki. Nietzschek proposatutako supergizakiaren faseak bizi dituzte azken bisurtetik: lau urtez gamelu izan dira, esklaboen morala onartu dute, euren urtemugarekiko txisteak, baina kateak hautsi zituzten 2024a hastean, lehoi bihurtu ziren, eta, gaur, osteguna, balio-sistema berri baten hasiera da, zenbaki berri batena. Nietzschek zioen azken fasean gizakia haur bilakatuko dela. Haur edo haurrago. Nik xalo eta dirdaitsu sumatu ditut otsailaren 29koak euren egunean; ia sudurretik arnasa hartu beharrik gabe. Tokatutakoan zahartuko dira aurten, eta hori poza. Eta tokatutakoan zahartzearen poza, hori, egun, ez da pertsona normalen kontua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.