Saiatu naiz akordatzen, baina ez naiz kapaz izan. Ez dakit zein izan zen ekainaren 28ko manifestazio batera joan nintzen lehenengo aldia. Bi aukera daude: a) Lagunekin batera joan nintzen, baina oraindik neure burua marko zisheteroaren barruan irakurtzen nuenez, momentuan ez nion garrantzi handirik eman. Eta b) Lagunekin batera joan nintzen, baina urduritasunak eraginda lotsatuta eta isilik egon nintzen.
Bi kasuetan da ulergarria oroitzapenik ez izatea. Baina harritzen nau ez akordatzeak. Asko gustatzen zaidan gorputzaldi bat da harridura. Galdera interesgarriak egitera narama normalean. Zergatik ez zara akordetan? galdera erantzuten hasi eta gure gorputzetan memoria politikoa nola sortzen den pentsatzen daramat ordubete inguru. Ondorio bakarra atera dut: gaur garen hauek irakurtzeko hizkuntza noiz eskuratu genuen jakitea da, akaso, gaur garen hauek noiztik garen jakiteko dugun modu bakarra. Nik, behintzat, ez nuen nire burua bolleratzat hartu hala ote nintzen galdetu zidaten arte.