Ordubete daramat hemen: poltsa beroa magalean, oinak kristalezko mahaitxoan bermatuta, ordenagailuko teklak sakatu eta sakatu. Berba izatera iritsi baino lehen ezabatzen ditut letrak. Esaldi bat amaitu dudanerako hamabiri esan diet agur. Idatzi ditudan berbak baino gehiago dira ezabatu ditudanak. Badakit ezinezkoa dela, baina hori da sentsazioa.
Ur pixka bat edateko altxatu naizenean, nerabetan izan genuen gaztelaniako irakasle batek esandakoarekin akordatu naiz: «Nire klasean ez dut tipexik onartuko; boligrafoz idatzi ahal izateko asko pentsatu behar da aurretik». Injustua iruditzen zitzaidan bere jarrera orduan. Are, tinta ezabagarria duten boligrafo horietako bat erosi nuela uste dut. Baina gaur ulertu dut esan nahi ziguna. Zerbaiti ekin aurretik beharrezkoa da hausnartzeko tartea hartzea, zerbait horrek arrastoa utziko badu behintzat.
Hori da, akaso, ordenagailuan idaztearen okerrena, errazegi desagerraraz daitezkeela akatsak: posible dela pentsatu gabe ekitea. Sofara itzuli eta zuzenean idatzi dut koadernoan: «Zutabeak hemen idatziko banitu, poemak egingo nituzkeen argitaratzeko modukoak iruditzen ez zaizkidan berba horiekin guztiekin».