maialen akizu 34 172x172

Ezin iritsia

2024ko azaroaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Berandu nabil. Ordulariari begira jarrita agindu nizun bi orratzak hamabira iristerako atean izango nintzela; orratzek bete dute esandakoa, eta ni, oraindik, bidean naiz. Korrika noala zure gorputza zoko batean uzkurtuta irudikatu dut, belaunak bi eskuekin bildu-bilduta atearen gorabeherei begira; neure buruari galdetzen diot ea abandonua zer den badakizun, ea nahikoa sostengu eman dizugun halakorik ez sentitzeko, ea ez ote naizen dramazaleegia. Berandu iristen gara bestearen minera beti, berandu iristen gara denera, Marguerite Durasek esan zuen moduan, bizitzan, berehala, beranduegi da. Zuregana iritsi naizenean larritasuna ahal dudan moduan ezkutatu dut, eta besarkada bat eman dizut, besarkadetan besarkadena, nik-ez-dakit-zer konpentsatu nahian bezala. Lasai dirudizu. Interes handiz erakutsi didazu hosto gorri eder bat, eta eskuineko erdiko atzamarrean egin duzun ebakia. «Beitu, min hartuet». Eta orain ez hainbeste ordulariari begira jarri garen moduan gaude zure minari begira. Erdiko atzamarra atera didazu, nahita egiten ariko ez bazina bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.