Izebak urtero bidaltzen dit mezu bat data buelta honetan: «Aste bukaera hontan bazatoz bueltan? Karapaixue enkargetako». Garizuman sartzearekin batera hasten da sasoia, aste honetan tokatu zait niri. Nire izeba da nire ama pontekoa. Eta karapaixoa, jaiotzen garenetik ezkondu arte aita eta ama pontekoek gure eskualdeko gazteoi urtero oparitzen diguten opila. Gazia edo gozoa izan daiteke. Txorizoz, arrautza egosiz eta ogiz egiten da bata, eta erregalizarekin, txokolatezko arrautzekin eta errege opilaren antzekoa den ore batekin bestea; pazko opilaren antzekoa da. Umetan gurago izaten nuen gozoa, baina zorionez, koskortu ahala heldu zitzaidan dastamena ere.
Umetan aho handiarekin esaten nuen: «Ba ni ez naz ezkonduko!», zati bat ahoratzen nuen bitartean. Ezkontzea plazer une kolektiboak galtzea zela ulertuko banu bezala. «Trankil, ezkontzen bazara be erregalaukotzugu!», esaten zidaten.
Gero konturatu nintzen ezkontzea alaba izateari uzteko mekanismo bat dela. Zaindua izateari uztekoa. Ezkontza deitu arren, heltzeaz ere ari zirela. Horregatik eskertzen dut mezua. Ezkonduko ez naizela asumituta duten arren, oraindik ume izaten uzten didatelako urtean egun batez.