oihana arana

Familia

2025eko abenduaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aitaita hil da. Presaka joan naiz ehorztetxera. Han zeuden ama eta izeba amamarekin. Lore arrosak edo zuriak. Gurutzea, lauburua edo eguzkilorea. Bonboi gorria edo beltza. Erabakirik txikienak ere transzendentalak dira horrelako espazioetan. Erraz samar egin dugu dena, hala ere.

Beste edozein salgairi buruz ariko balitz bezala egin digu berba bertako langileak, «laranja onak ekarri ditut» esaten duen fruta saltzaileak lez; heriotzarekin lan egiteak tripetan ezer mugituko ez balio bezala. Garrantzi handiegia ematen diot, akaso, neure minari, baina amorru handia eman dit. Egoera hori izanagatik, indar handirik egin gabe eutsi ahal izan diet malkoei begietan. Harik eta langileak bete beharreko paperak atera eta «baina zuek ez zarete hildakoaren familiakoak» esatera ausartu den arte. Ez naiz ni familia berbaren aldeko militante sutsua; baina ezin izan dut haserrea disimulatu: «Ez dostazu zuk esango zer dan familixie eta zer ez» esan dut. «Legalki esan nahi nuen», esan dit boligrafoa mahaiaren aurka igurzten zuen bitartean.

Beldurra ematen dit gure etorkizunak halakoetan. Pentsatu beharko dugu zer egin legearen eta burokraziaren marko hertsian kabitzen ez diren bizimodu hauekin guztiekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.