maialen akizu 34 172x172

Fantasiosoa

2023ko abenduaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ostiraleko euriak Chanel perfumearen bosgarren zenbaki usaina du. Nissan gorri bat gelditu zait parez pare: Janis Joplin eta Imanol doaz atzean, eta Libe Goitia bolantean. Oihu egin didate kotxeko leihoa baxatuta: «Maialen, hire ustez Peru Galbeteren musika zer da, maiorra edo minorra?». Erantzunaren zain gelditu gabe segitu dute aurrera. Gazte kuadrilla bat gurutzatu dut ondoren, eta euren elkarrizketatik «daramakizkit» batek egin du nire belarriraino jauzi. Kilker itxura hartu du eta erabat urduritu nau, baina salomonik ez daraman mihiluze batek irentsi du supituan. Plateruenearen atarian dantzan ari dira; eskuak gora batzuk, lurrean bueltaka besteak, eta oihal zoragarriz egindako txalekodun bat gerturatu zait euskararen errepublikaren alde patata tortilla pintxo bat eskainiz.

Landako barrura sartzean bakoitzak papertxo bat jasotzen du, azokan bete beharreko rola zehazten diona: ipurterrea, mari-alegrea, sasi-jakintsua, pasota... Nik ez dakit nola aterako naizen beste ni honetatik: Bizenta Mogelek eskatu dit papera mukiak kentzeko, eta ezin izan diot ezetzik esan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.