Aita hil zenetik ahizpak eta biok gidatzen dugu haren furgoneta urdina. Oraindik arraroa egiten zait, bizitza osoa kopilotu nor izango borrokan pasatu eta gero, biok aurreko jarlekuetan esertzea. Ohitzen ari naiz apurka-apurka. Bi urte eta erdi pasatu dira.
Bi urte eta erdiz izan dugu furgoneta gure aitak utzi zuen moduan. Bere CDak irakurgailuan, bere liburua salpikaderoan, zein ate zabaltzen duten sekula jakingo ez dugun giltza jokoa kopilotuaren ateko zirrikituan. Sarritan hartu dut nagitzat neure burua, baina ez zen nagikeria bakarrik, denbora luzez ez naiz gure aitaren gauzak ukitzera ausartu. Furgoneta bere horretan uztea aita presente edukitzeko modurik errazena zen niretzat, zelan azaldu bestela lagunak furgonetara igo eta «Gure aittana da desorden hau» esatean ateratzen zitzaidan irribarre erdia.
Asteon hartu dugu, azkenean, furgoneta guztia husteko tartea. Arratsalde oso bat pasatu genuen objektu baliagarriak inbentariatu eta gainontzekoak bota edo gorde erabakitzen. Hemendik aurrera gurea izango da desordena. Ez dakit, hala ere, furgoneta gurea dela esatera sekula ausartuko garen.