oihana arana

Futbola

2025eko urriaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nerabeak ginenean futbolean ibili ginen gu. Partidak domeketan tokatzen zirenean, domeka goizak ohean egoteko direla esaten zuen beti gure aitak marmarka. Astean zehar beti jaikitzen zen alarmak jo aurretik; zapatu goizetan paseatzera irtetea gustatzen zitzaion; baina domeketan ez, domeketan luze egin nahi izaten zuen lo.

Berdin-berdin eramaten gintuen partidetara, halere. Eta han egoten zen, barandaren gainean beso biak bermatuta, itxuraz ezin aspertuago. Heldutu ginenean onartu zigun ondo pasatzen zuela. Grazia handia egiten ziola zeinen txarrak ginen ikusteak eta ozen egiten zuela barre gure kontura, gero bere lagunekin. Momentuan asko haserretu nintzela uste dut.

Orain badakit ozen egingo lukeela barre lagunekin futbol talde queer bat sortu dugula jakingo balu; partida gehienak domeka goizetan direla jakingo balu; sekula futbolean onak izan ez garenok ere pozik eta gogotsu gaudela jakingo balu.

Ez dut uste haserretuko nintzatekeenik, ordea. Hori baita, hain zuzen ere, izan ginen nerabe horiei zor dieguna: jolastea eta ozen barre egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.