Ireki leihoa; edan ura; tapatu eztarria; hartu xarabe hau; tipula jarri ohe ondoan; edan infusio bat; egon, tenperatura hartuko dizut; zapi umel bat jarriko dizut kopetan; hartu poltsa beroa; badakit zure txanda dela, baina egon geldi, nik egingo dut bazkaria gaur; zer nahi duzu, salda edo purea?; garbitu eskuak; jan berakatz ale bat; ez piztu argia, egon ilunetan; edan duzu ura?; bazkariarekin amaitzen dudanean egingo dizkizut mimito batzuk, bale?; tenperatura hobea duzu orain; jantzi galtzerdi lodiak; laranja zukua egin dizut, propoli apur bat ere badu; egon sofan, manta batekin igual hobeto egongo zara; utzi mobila; bota, mesedez, mukizapi ustel hori, tori garbia; hoztu zaizu honezkero poltsa beroa, ezta? ekarri, berriz berotuko dizut; bihar horrela bazaude medikuari deituko diozu; egin lo apur bat, esnatuko zaitut bazkaltzeko.
Badakigu zer den egin behar duguna, baina ez, guk, produktibitateak alienatutako gorputzok, Frenadol bat hartu eta lan egiten dugu. Ez omen dago beste aukerarik.