Xira luzea jantzi eta hiru pauso egin orduko deitu diot amamari. Ordubeteko paseoa izan da, ordubeteko deia. Zer moduz dagoen galdetu diot. Gorputz osoko mina daukala eta udazkeneko haizeak kalte egiten diola eta jubilatuen taberna berrian egon dela eta kozinatzeaz nazkatuta dagoela eta aitita kafea hartzetik itzuli berri dela eta gaztea zenean trenean ibiltzea maite zuela eta gure herritik bere jaioterrira trenean joaten zela eta paseatzea ona dela ibili zait esaten; gaitik gaira salto egiteko zailtasun handiegirik gabe, berbak beste inork ez bezala harilkatuz. Edozein bakarrizketalarik hartuko lituzkeen bertuteak ditu gure amamak. Hargatik maite dut harekin paseatzea.
Kontuak agortu zaizkionean, nire kontuekin pozik ote nagoen galdetu dit. Baietz erantzun diot. Hala jarraitzeko esan dit, eta hurrengoan ere deitzeko.
Antzekoak dirudite, baina oso galdera diferenteak dira «zer moduz zaude?», «pozik zaude?» eta «ondo al zaude?». Bakoitza noiz eta norekin erabiltzen jakitea izango da, akaso, bizitzako ikasgai zailenetako bat.