Jira

Galderarik?

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Okerrena hori da, agintari bat prentsaurreko batean gizarteari kontuak eskatzen entzutea, eta kazetariak galderarik egin gabe aulkietatik zutitzen ikustea. Langileek bai ugari, eta ez denak zintzoak, baina beste inork ez dauka, antza, zalantzarik eta galderarik; eta zertan da proiektua, zer egin nahi da, zer ekarriko dio honek herriari, zertan aberastuko gara, zer ezagutuko dugu, zer jakingo, zertan lagunduko digu, hobeto ulertuko dugu bizi gaituen mundua, aurkituko diogu argi izpiren bat iluntasun itzel honi, utziko diegu gure garaiaren testigantza xume bat hurrengo belaunaldiei, utziko diegu egia ttipiren bat besterik ez bada ere?

Ez dago galderarik. Kazetariak ere nazka-nazka eginda daude, eta euren buruarentzat daukate galdera bakarra: nola kontatuko dut minutu batean kaka zahar hau guztia? Eta etorrita bezalaxe alde egiten dute, belarriak berotuta eta buruko minarekin. Bihar beste prentsaurreko bat, eta gero hauteskundeak, ez da berehala iritsiko abuztua.

Inork ez dauka galderarik. Nik, berriz, gero eta gehiago: noiz sartuko didate hilabete honetako soldata, iritsiko zait alokairua ordaintzeko, izango dut dirurik abuztuan kanpora joateko, gaur zer botatzen dute telebistan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.