oihana arana

Gatazka

2026ko irailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Barrezka esnatu naiz gaur. Karkailaka ia. Harrigarria iruditu zait. Negarrez bai, baina barrez lehertzear ez naiz sekula esnatu gaur arte. Goiz zen. Alarmak jo baino ordu eta erdi lehenago zehazki. Ohetik salto egin eta soinburuak mugitzeari utzi ezinda jaitsi ditut normalean muturtuta jaisten ditudan eskailerak. Piztuta zeuden sukaldeko argiak.

«Zer eitten dozu zuk hemen?», esan diot honezkero kafea hartuta liburua irakurtzen ari zen pisukideari. «Eta zer egiten duzu zuk hain pozik?», erantzun dit berak. «Ez dozu sinistuko…», nabarmenegi batekin hasi dut kontakizuna. «Amets kurioso bat euki dot, amets bat nun nere bizitzako gatazkak ez zien existiruten». Kopeta zimurtu du detaileak eskatzeko. 

Han hasi natzaio banaka-banaka zuei kontatuko ez dizkizuedan gatazka konpondu guztiak zerrendatzen. «Normala?», amaitu dut kontakizuna, «Dana pentzetan jaten ondo! Oso surrealistie da».

Barrez lehertu da bera ere. Eta hala pasatu dugu alarmak jo arteko tartea, bakoitza bere kontuetan murgilduta, gatazkarik gabeko bizimodurik izango ez dugulako ziurtasunarekin.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA