Alferrik da eguna lanean pasatzea. Lokartzeko puntuan nagoenean etortzen zaizkit ideia onenak. Manta kokots azpira igo, fetu-jarrera hartu eta begiak ixten ditudanean. Bat-batean gai izaten naiz egun osoan zehar konpondu ezin izan ditudan arazoak konpontzeko. Edo erdi idatzita daukadan poema bat ixteko berbak okurritzen zaizkit. Goizean galdu dudan eztabaidaren batean arrazoia daukadala argumentatzen jarraitzeko esaldiak ere orduan etortzen zaizkit.
Horrela esanda ederra dirudi, baina etsigarria da. Ezin dut lorik egin. Ez, behintzat, okurritu zaizkidan kontu guztiak papertxo batean idatzi gabe. Idazten ez badut, zerbait oso inportantea galtzen ari naizela sentitzen dut; eta idazten badut, logura desagertzen zait. Gainera, goizean jaiki, eta ez dut papertxoan jasotako oharrak nola interpretatu jakiten. Gaueko niak konfiantza handiegia du goizeko niarengan.
Lagun iezadazue, mesedez, ze benetan ez dakit zer den egin beharko nukeena: berandura arte lan egin eta eguna lo pasatu ala ohera sartu orduko gorputza loari eman eta ideia eder horiek guztiak alferrik gal daitezen utzi?
Gaueko nia da argiena. Ez dakit nori okurritu zitzaion egunek goizetan hasi behar dutela.