oihana arana

Gaur

2026ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da edozein egun. Bi urte dira gure aita hil zela. Esnatu arte egin dut lo. Hori baino ez nuen behar. Aitaren etxea jasotzen ibili ginenean kutxa batean pilatutako paper zaharrak nahasten ibili gara gero, ahizpa eta biok. Ez gara ezeren bila ibili. Nahastea zen helburua. Ondo zetorkion egunari.

Argazkiak, fakturak, errezetak, soldaduska egin zueneko kartilla. Denetik topatu dugu. Apur bat biolentoa egiten zait haren bizitzaren txatalak orain gureak direla pentsatzea. Gure aita izan aurreko bizitza aita izan zen garaia baino luzeagoa izan zela kontuan hartzen badugu, are biolentoagoa da dena.

Paper pila bat hartu du ahizpak bat-batean. «Akordetan zara honekin?», esan dit irri konplizearekin. Aitarekin batera egindako marrazki batzuk ziren. Hirurok gauez sukaldeko mahaiaren bueltan jarrita egiten genituenak. Munstroak marraztera jolasten ginen. Batek burua egiten zuen; eta aurrekoak egindakoa ikusi gabe, hurrengoak gorputz enborra; eta hirugarrenak hankak. Banaka-banaka begiratu ditugu: Oilar burua, robot gorputza eta igel hankak. Txakur burua, loredun soinekoa eta ahate hankak. Amona burua, alien gorputza eta zaldi hankak.

Ozen egin dugu barre. Hau ere ondo zetorkion egunari.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.