Gautzen duenean paseatzen dut neguan. Bakarrik. Isilik eta geldi egoten da dena. Bestelako forma zuen ohitura honek hirian bizi nintzenean. Mozoloak eta saguzarrak baino ez ditut igartzen orain. Beldurtu ere egiten naute tarteka. Begirada ohitzen zaidanerako itzaltzen dudan linterna txiki bat eramaten dut beti aldean, badaezpada ere. Nire pausoek bideok ezagutzen dituzten arren, komenigarria izaten da argi apur bat eramatea. Hori du farolik gabeko bideetan ibiltzeak: bide ezagunenek ere berri itxura dute aldiro.
Belaunera arteko praka elastikoen gainean txandala. Barruko kamisetaren gainean kanpokoa. Kanpokoaren gainean jertsea eta txamarra. Esku hotzen gainean eskularruak. Artilezko galtzerdien gainean botak. Buruaren gainean txanoa eta sudurraren gainean bufanda. Hau da gautzeko dudan modua. Geruzak bata bestearen gainean pilatzea; nik neuk ere errekonozituko ez nukeen itzal bat sortu arte. Oraindik ez dakit hotza den ala desagertzeko gura. Kontatuko dizuet betazaletan ihintza sortzen zaidan hurrengo aldian.